Sobre nosotros

Zer da itsulapikoa?

Itsulapikoa.eus Euskal Herriko edo Euskal Herriarekin zerikusia duten herri proiektu eta egitasmoek behar duten bultzada ekonomikoa lortzeko crowdfunding plataforma bat da. Gure herriko sortzaile, musika talde, kultur kolektibo, herri mugimendu, tokiko ekonomian oinarritutako egitasmo edo proiektu alternatiboentzako diru iturri erreferente izatea da gure helburuetako bat. 

Itsulapikoa.eus plataformaren atzean irabazi asmorik gabeko Itsulapikoa Elkartea izeneko elkartea dago. Elkartearen funtzionamendua gardena eta horizontala izanen da, irekia egonen da aipaturiko helburuekin bat egin eta plataformari modu ezberdinez bere ekarpena egin nahi dion ororentzat.

Aipatu den motako proiektu edo egitasmoren bat duen kolektibo edo pertsona orok aukera du crowdfunding plataforma honen bidez herritarren ekarpenak jasotzeko. Horretarako www.itsulapikoa.eus helbidera sartu eta gurekin harremanetan jar zaitezke info@itsulapikoa.eus helbidera idatzita.

Zergatik crowdfunding plataforma bat?

Euskal Herrian antzinatik errotua dagoen ohitura bati lotuta dago crowdfundinga, auzolanari edo elkarlanari hain zuzen ere. Herri proiektuak aurrera ateratzeko ahalegin kolektiboan oinarritzen da auzolana, crowdfundinga ere lan eta ekarpen kolektiboan oinarritzen dela esan genezake.

Bestetik, jendeak gaur egun eskatzen duen beste ezaugarri bat asetzen du crowdfundingak. Elkarte edo ‘marka’ zehatz bati atxikimendu iraunkorra eman beharrean, hauek bultzatzen dituzten proiektu zehatzei babesa emateko aukera eskaintzen dio jendeari.

Proiektugileei ere aukera paregabea eskaintzen die euren jarduera neurtze aldera. Crowdfundingaren bidez jendeak benetan baloratzen duena neurtzeko aukera baitute.

Zerk bereizten du itsulapikoa beste plataformetatik? Zein abantaila ditu?

Estatuan nahiz Katalunian antzeko plataformak existitzen dira dagoeneko, gurea aldiz, Euskal Herriari begira egindako plataforma da. Horrek abantaila batzuk ditu. Alde batetik, proiektuen hurbiltasunak eragin dezakeen atxikimendua. Eta bestetik, Euskal Herri mailako erreferentzia komunikatibo bat izanen da itsulapikoa.eus,  Euskal Herriko proiektu herritarren erakusleiho bat, horrek proiektuen hedapena asko erraztuko du, noski. Adibide bat jartzearren, une jakin batean norbait proiektu bati ekarpen bat egiteko asmoz plataformara sartuz gero, uste dugu gertatuko dela antzeko edo hurbileko edo interesa dakiokeen beste proiektu batzuk ere aurkitzea, eta horiei ekarpena egiteko edo gutxienean kanpaina horren zabalpena egiteko aukerak handiagoak direla.

Beste ezaugarri berezitu eta interesgarri bat gure plataformaren komisioak dira. Beste plataformekin alderatuta gureak gordetzen duen ekarpenen portzentajea minimoa da eta ordainketei ezartzen zaien bankuko komisioak baxuenetakoak dira ere bai.

Honekin lotuta, azpimarratu beharra dago plataforma honen atzetik dagoen lantaldea irabazi asmorik gabeko lantaldea dela.

Nori zuzenduta? Nork jar dezake proiektu bat?

Itsulapikoa.eus plataformaren izaera eta asmoekin bat egiten duten pertsonek zein taldeek argitara ditzakete euren proiektuak. Hau da, Euskal Herriko testuinguruan eta herri ikuspegi batetik ekarpen sozial, kultural, linguistiko, ekonomikoa egin nahi duen orok jar dezake bere proiektua itsulapikoa.eus plataforman. 

Nork egin ditzake ekarpenak?

Plataforman publikatutako edozein proiektua bultzatu nahi duen edozein pertsonak zein taldek egin ditzake ekarpenak. Proiektu bakar bati edota proiektu ugariei egin diezazkioke ekarpenak. Ekarpen hauek kopuru txikikoak nahiz handikoak izan daitezke eta ekarpen hauek eskertzeko proiektugileek bueltan sari bat emanen die.

Nola funtzionatzen du?

Plataformaren funtzionamendua erraza da. Proiekt bat duen edonork gure plataforman erregistratu eta euren proiektua publikatzea eska dezake. Horretarako, plataforman agertzen den formulario bat bete beharko du. Zehaztu behar duten ezaugarri garrantzitsuenetariko bat proiektua aurrera ateratzeko behar duen diru sarrera minimoa da. Hau da, ekarpenen bidez eskuratu beharreko kantitate minimoa, eta noski, kantitate hori erdietsiz gero proiektua aurrera ateratzeko konpromezua beren gain hartuko dute. Edozein kasutan, laguntza emate aldera, plataformaren kudeatzaileak proiektugileekin harremanetan jarriko dira kanpaina nola enfokatu eta zabaldu laguntzeko, baita edozein laguntza tekniko eskaintzeko.

Behin proiektu bat publikatuta, crowdfundingak 40 egun izanen ditu finkatu duen diru kopurua biltzeko. Momentu horretatik aurrera, eta 40 egun horietan zehar, edozein pertsonak zein taldek bere ekarpen ekonomikoa egiteko aukera izanen du, erabiltzaile bat eginez eta bankuko txartel bidez ordainketa eginez. Garrantzitsua da azpimarratzea, soilik finkatutako sarrera minimoak lortzen dituzten proiektuetan eginen dela efektiboa ekarpenaren ordainketa. Hau da, proiektu batean diru minimoa lortzen ez bada ekarpenak ez dira gauzatzen, eta ez du inolako kosterik ez proiektua jartzen duenarentzako ezta ekarpena egiteko konpromisoa hartu duenarentzako.

Zeintzuk dira plataformaren baloreak?

Gure helburu guztien gainetik, eta gure sorreraren arrazoia dena, Euskal Herriko jendeari eta bereziki herri mugimenduari zerbitzu eta tresna bat eskaintzea da. Alde batetik, noski, euren proiektu sozial, kultural, kooperatiboa edota dena delakoen diru bilketa errazte aldera eta bestaldetik, proiektu hauen hedapenean laguntze aldera.

Honekin batera, bertako hizkuntzari, euskarari dagokion balioa aitortu nahi diogu. Euskara lehenesten dugu itsulapikoa.eus plataforman. Horregatik, proiektuaren informazioa frantsesez edo gazteleraz jarri nahi duenak ere, gutxienean titulua eta laburpen bat euskaraz jarri beharko du derrigor. Alegia, euskara hutsean publikatu daiteke proiektu bat, ez ordea gaztelera edo frantses hutsean, beti egon beharko da gutxienez euskarazko laburpena.

Gardentasuna ere gure izaeraren ezaugarrietako bat da. Lan eginen dugu proiektuaren kontuen nondik norakoak eta erabakiak modu garden batean aurkezteko. Plataformaren mantenu eta kudeaketa lanetarako behar diren diru sarrera minimoak jasotzen ditu elkarteak eta kontu guzti-guztiak publikoak eginen dira. Irabazi asmorik gabeko plataforma da gurea eta onura guztia proiektugileek eta ekarpenak egiten dituztenek jasotzea nahi dugu. Bai proiektugileek, bai ekarpenak egiten dituztenek garbi izanen dute zer gertatzen den ekarpen horiekin guztiekin. 

Pribatutasun eta datuen babesa ere serioski hartzen dugun kontua da, horregatik prozedurak eta norabide horretan hartu beharreko neurriak kontutan hartzen ditugu.

Azkenik, edozein ekarpen tekniko, edozein iritzi edo dena delako entzuteko irekita gaude, gure asmoa da jendearekin batera funtzionamendu zein tresna egokiago eta eraginkorragoa lortzea.