Mahai-joko literarioa argitaratu nahi dugu. Rol-jokoa, sormena, euskal mitologia, ipuinak eta beste hainbat elkartzen dituen jolas kooperatiboa.
ZERTAN DATZA?
Euskaratik eta euskaraz sortutako mahai-joko literarioa da, literatura eta jolasa uztartzen dituen proposamen berritzailea.
Sortzeko, berreraikitzeko, antzezteko... espazioa eskaintzen duen jolas kooperatiboa. Hemen jolasa ez da soilik entretenimendua, baizik eta garapen linguistiko, kognitibo eta sozialerako tresna egokitua.
NONDIK DATOR IDEIA?
Hezkuntza-esperientzian eta egungo merkatuan hautemandako hutsuneei erantzuteko asmoz sortu da.
Literaturaren lanketak ikuspegi akademiko eta zurruna du, oraindik ere, sarritan. Mahai-jokoen merkatuak ere, ez die modu orekatuan erantzuten adin-tarte guztien beharrei, ezta hizkuntza eta kultura aniztasunari ere.
Proiektu honek, hortaz, gure kulturak duen behar nabarmen horretan bere aletxoa jarri nahi du.
NORI ZUZENTZEN ZAIO?
Proiektua 5-8 urte bitarteko haurrengan pentsatuz garatu da, txikienentzako egokitutako jokoen gabeziari aurre egiteko helburuarekin.
Dena den, txikientzat ez ezik, gaztetxo eta helduei ere zuzentzen zaie; horrela, belaunaldien arteko zubiak eraikitzeko eta nagusienei ere erronkan parte hartzeko eta elkarrekin gozatzeko gonbidapena luzatu nahi zaie.
ZEIN DA JOKOAREN DINAMIKA?
Gatazka nagusia hurrengoa da:
"Euskal Herriko izaki mitologikoek biziki maite dituzte ipuinak, eta gauero irakurtzen dute bat lokartu aurretik. Gaur iluntzean, ordea, Gaueko izeneko izaki misteriotsu bat Mari, Basajaun, Tartalo eta Lamiaren etxeetara sartu eta hauen ipuinak lapurtu ditu. Baina oso irakurzalea da Gaueko, eta ezagutzen ditu jada lapurtutako ipuin guztiak. Ez uste baina, horregatik ipuinak beren lekuetara itzuliko dituenik. Gauekok ere ipuina behar du lokartu ahal izateko. Agian, lapurtutako ipuinak nahastuta, ipuin berri bat sor daiteke. Prest egongo zinatekete zuek Mari, Basajaun, Tartalo eta Lamiaren ipuinak berreskuratu, ipuin berri bat sortu eta Gaueko lokartzen saiatzeko? Hori bai, egunsentia agertu aurretik; bestela, ipuinak Gauekorekin geratuko dira betiko".
Funtzionamendua hurrengoa da:
NOR DAGO PROIEKTUAREN ATZEAN?
Aupa! Maren naiz, lasartearra, proiektuaren sortzailea, Haur Hezkuntzako gradua amaituko dut oraintxe, eta Liburutegietan eta Irakurzaletasunaren sustapenean espezializatu naiz. Txikitatik maite dut literatura eta mahai-jokoen, eta, oro har, jolasaren mundua. Horrexegatik, Gradu Amaierako Lanean gai horri eutsi eta proposamen berritzaile bat aurkeztea erabaki nuen; lan horretatik jaio da Gaueko.
Kaixo! Eneko naiz, eta ni ere proiektuaren parte naiz. Haur Hezkuntzako irakaslea naiz, ni ere lasartearra, eta ilustratzea dut hobby moduan. Marenek mahai-jokoaren ilustrazioak sortzeko proposamena egin zidan. Izan ere, berak sortutako prototipoa zirriborroen eta AAren laguntzaz sortutakoa zen, baina argitaratzeko unean izaera errealagoa eta kalitatezkoagoa eman nahi zion. Ni naiz, beraz, zuen eskuetan izango duzuen azken emaitzaren ilustrazioen egilea.
Gu biok ilusio eta mimo handiarekin gabiltza proiektu honi forma ematen, baina zuen laguntza ere ezinbestekoa da. Ekarpen guztiak ongietorriak izango dira, noski. Mila esker eta ez diezaiogun sekula utzi jolasteari!
Itsulapikoa.eus está bajo una Licencia Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-CompartirIgual 4.0 Internacional.