ADUR AZKEN ERRONKA bideojokoa ADUR euskal rol jokoaren adaptazio digitala da, euskal Erdi Aro mitologikoan girotua. Bertan, mundu ireki miresgarri batean, abentura ugari bizi ahalko dituzu bideojoko formatuan!
Zer esaten dute bideojokoaren demoa frogatu duten jokalariek?
"Txundituta geratu naiz jokoaren ikuspegi historiko zehatzarekin, bazen ordua mito fundazionalak baztertuz gertatu zenaren irudi fidela erakusteko!"
Antso Abarka, Iruñeko Erregea
"Asko poztu naiz jokoaren abenturak Kalifatoaren lurraldeetara eraman nauelako, espero dut etorkizuneko gehigarriren batean jokoaren zati hau handituko dutela."
Musa Ibn Fortun, Banu Kasiterren buruzagia
"Jokoa oso intuitiboa iruditu zait eta interfazearen erabilera oso ondo ulertu dut, naiz eta biraozko hizkuntza hori ezagutzen ez dudan. Ez zait batere gustatu inbasioaren kontura jokoak nire irudi txarra ematea, baina onartu behar dut inbasioa benetan egin nuela."
Alfontso VIII.a, Gaztelako erregea (gaztelera zaharretik itzulia)
Eta... zer esaten dute jokoari buruz literatur kritikariek?
"Poz ederra hartu dot istorio hau irakurtean, non Erresumaren zaintzan bildur-bako zaldun onak Naparra-aldez egin dabe zin. Eta etsai nagusia, orreik bai burnizko janzkijak, ta urrezko ezpata-sagarra! Nire goguak digar egileek euskal epikaren jarraipen bikaina egin dabela."
Lauaxeta
"Jokoaren musika lirain ederra maite dut, bihotzetikan eskatu ezkero ez nuen entzungo hain kitarra doinu goxoagorik."
Iparragirre
"Escritura çainduan icquiriaturico joco bereci honetan, aitcinatean gertatutacoa lehenbicicoç aditcera emaitenda. Luçamenduak utciric, jocoa babestu eçaçu gueroco utzi gabe."
Axular
Zer da ADUR Azken Erronka bideojokoa?
2021. urtean ADUR rol joko liburua arrakasta handiz argitaratu zen Itsulapikoan jasotako babesarekin. Beranduago, Telegramen jolastu zitekeen joko digital bat denbora batez ireki zen, ADUR Azken Erronka izenekoa, baina irudirik gabekoa eta testuan bakarrik oinarritutakoa. Honek ere harrera bikaina eta jarraipen zabala izan zuen. Orain, ADUR Azken Erronka bideojokoa dator, oraingoan interfaze batekin eta koloretako irudiekin!
Jokoa euskal Erdi Aro mitologikoan girotuta dago, eta pertsonaia bat eramango duzu jokoaren barruan. Abentura ugari bizi ahalko dituzu Euskal Herrian zehar, bidaiak egin, euskal mitologiako hainbat izaki miresgarri eta jainko aurkitu, eta erronka ugari egin, guztia rpg bideojoko formatuan. Aurkitutako erronkak gainditzeko pertsonaiaren Indarra, Trebezia, Adimena eta Kemena erabili eta hobetu beharko dituzu. Adurraren laguntza ere izango duzu, sorginkeriak egiten ahalbidetuko dizun bizindar miresgarria!
Norentzat da egokia ADUR Azken Erronka?
Jokoa bideojokoetan zein rolean hasiberriak eta adituak direnentzat egokia da, eta edozein adineko jokalariek jolastu dezakete.
Nolakoa izango da jokoaren formatoa?
Bideojokoa gutxienez Windows-erako kaleratuko da, eta lortzen den aurrekontuaren arabera Linux-erako (beraz Steamdeck-erako) eta Android-erako bertsioak ere prestatuko dira (telefono mugikorrak eta tablet-ak). Bideojokoa bakarka jolasten da eta bertan hainbat istorio, gertaera, abentura eta erronka aurkezten zaizkio jokalariari. Horretarako, irudiak eta testua erabiltzen dira leku eta erronken deskribapenetan. Kolorezko irudi ugari dago hiribilduak irudikatzeko, merkatuetan eta pertsonaiaren fitxan aurki daitezkeen objektuak erakusteko, eta baita borroketako aurkariak, atzealdeak eta mapa azaltzeko orduan.
Jolastu bitartean soinu banda atsegin bat entzungo da, hainbat musika tresna tradizionalez osatuakoa (kitarra, txalaparta, zarrabetea, baglama, darbuka, txirulak...), leku bakoitzeko giro eta kulturak irudikatuko dituztenak. Jokoan ekintza ezberdinak egiten lortzeko ezaugarrien frogak egin behar dira; objektuak merkatuetan erosi eta erabili daitezke, eta sorginkeriak ikasi eta gauzatu ahalko dituzu. Guzti hori kudeatzeko, pertsonaiaren fitxa bat erabiltzen da, irudiez osatutakoa. Borroka ugari gertatuko dira istorioan zehar hainbat aurkarien aurka, eta horretarako kolorezko atzealde ezberdinak eta aurkarien irudiak erakusten dituen interfaze berezi bat erabiltzen da, borroka txandaka ebazten delarik.
Noiz egongo da prest?
Jokoa 2026ko udaberrian prest egongo da.
Zeintzuk dira jokoaren edukiak?
Jokoaren mundua Euskal herri osoan zabaltzen da, Iruñeko erresumaren barne eta haratago. Mapa handi bat eskaintzen du jokoak, 200 leku beino gehiagorekin eta ia beste hainbeste erronkekin. Joko barruan istorio bat garatzen da, bi zatitan banatuta dagoena. Lehenengo zatian pertsonaia heroi bihurtzeko ibilbidea jarraituko du, eta bigarren zatian heroiak euskal erresumaren babesean hainbat abentura biziko ditu.
Jokoa mundu ireki moduan azaltzen da, eta honek esan nahi du jokalariak nahi duena egin dezakeela: edonora bidaiatu dezake, leku ezberdinetan aurkituko dituen erronkak nahieran egin, hiribilduetan aurkituko dituen merkatuetan gauzak erosi eta erabili; lan bat bilatu eta kofradia batetan sartu; sorginekin salerosketak egin eta sorginkeriak ikasi, eta abar luze bat.
Zergatik babestu proiektu hau?
Jokoaren garapena jadanik hasi da, baina aurrekontua falta zaio guztiz osatzeko. Lortuko den diru kopuruaren arabera emaitza txukunagoa izango da, zenbat eta aurrekontu gehiago gauza gehiago sartu ahalko dira: pertsonaien animazioak, ikus-entzunezko efektuak, eta abar.
Bestetik, ADUR Azken Erronka bideojokoak euskara eta euskal kultura sustatzea du helburu, jolasaren bitartez eta gaurko euskarri digitaletara moldatuz. Gaur egun, euskarazko bideojoko gutxi daude eta proiektu hau bultzatuz euskarazko eduki digitalak sustatuko dituzu. Gainera, ADUR Azken Erronka-rekin, euskaraz jolasten ederki pasa bitartean euskal Historia, mitologia eta kondairak ezagutzeko aukera izango duzu. Euskara ikasten dabiltzanei ere aukera bikaina irekitzen zaie, eta etxeko txikiengan irakurketa ohitura sendotzeko ere balio du, bideojokoak irakurtzeko testuak dakartzalako.
Harrituko zara ADUR Azken Erronkak eskaintzen dituen gauza guztiekin!